
BPA 6
21 DE mayo DE 2017
SOPHIE KARTHÄUSER, soprano
Mozarten obren munduko interprete handienetakotzat hartua, Sophie Karthäuser soprano belgikarrak Bruselako Monetako Errege Antzokian ―Rene Jacobsen zuzendaritzapen― Pamina kantatuz jaso zuen bere lehen txalo-zaparrada handia.
Lyongo operarekin Susanna kantatuz egin zuen debuta, William Christie-ren zuzendaritzapean. Mozarten pertsonaia asko interpretatu ditu: Tamiri, Parisko Eliseo Zelaietako Antzokian; Serpetta, Berlingo Konzerthaus-en; Despina eta Zerlina, Bruselako Monetako Errege Antzokian; Ilia, Aix-en-Provence-ko Jaialdian, Parisko Eliseo Zelaietako Antzokian, Jeremie Rhorer-ekin, eta arrakasta handiz Theater an der Wien-en, Rene Jacobsen zuzendaritzapean berriz ere.
Protagonista papera jokatu du opera ekoizpen garrantzitsuetan: La Calisto-n, Eliseo Zelaietako Antzokian, Christophe Rousse-ren zuzendaritzapean, eta Bruselako Monetako Errege Antzokian, Rene Jacobseen gidaritzapean; Rameau Proiektu eskala handiko bat Aix-en-Provence-n, William Christi eta Trisha Brown estatubatuar koreografoarekin; Agathe-ren papera interpretatu zuen Isileko Ehiztarian, John Eliot Gardiner-ekin, Parisko Opera Komikoan; eta Sandrina-rena, Mozarten La Finta Giardiniera obran, Theater an der Wien-en, Rene Jacobsen gidaritzapean.
Sophie Karthäuser-ek bere abeslari ibilbidean interpretatu dituen beste paper batzuen artean, hauek aipatu behar dira: Charpentier-en Medea, Emmanuelle Haïm-ekin, Parisko Eliseo Zelaietako Antzokian; eta Polissena, Handelen Radamisto operan, Rene Jacobsen gidaritzapean, Theater an der Wienen. 2015eko urtarrilaean eta otsailean, Bruselako Monetako Errege Antzokira itzuli zen, Handelen Tamerlano operarekin; eta 2016ko martxoan, Berlioz-en Beatrice et Benedicte-rekin.
Wigmore Hall kantu-lehiaketan publikoaren saria eskuratu zuenetik, Sophie Karthäuser izen handiko kantari bihurtu zen eta antzoki prestigiotsuenetan kantatu zuen ―Anberesen, Lillen, Nantesen, Parisen, Estrasburgon, Bordelen, Frankfurten, Bruselako Arte Ederretako Jauregian, Berlingo eta Koloniako Filarmonikan, hala nola New Yorkeko Carnegie Hall-en eta Londresko Wigmore Hallen―, uneko piano-jotzaile ospetsuenek lagunduta: Graham Johnson, Eugene Asti, David Lively, Cedric Tiberghien.
Oxforden, Estrasburgon, Anberesen eta Maastrichten eskainitako errezitaldiek liluratuta utzi zuten entzuleria. Hain izan zen handia arrakasta, hurrengo denboraldian berriro kantatu behar izan baitzuen Oxforden, Estrasburgon, Anberesen eta Maastrichten.
Bakarlari gisa kantatzera gonbidatu ohi duten talde eta orkestra ospetsuen artean, hauek aipa daitezke: Academy of Ancient Music, Collegium Vocale Gent, Les Arts Florissants, La Petite Bande, Akademie für Alte Musik Berlin, Friburgoko Orkestra Barrokoa eta Leipzigeko Gewandhaus, besteak beste.
Berarekin lan egiten duten zuzendari prestigiotsuen zerrendak garbi erakusten du haren maila artistikoaren handitasuna: Riccardo Chailly, Nikolaus Harnoncourt, Thomas Hengelbrock, Philippe Herreweghe, Rene Jacobs, Louis Langrée, Marc Minkowski, Kent Nagano, Kazushi Ono, Jeremie Rohrer, Christophe Rousset eta Christian Zacharias.
Berriki eskaini dituen emanaldien artean, hauek aipa daitezke: Schuberten Lazaro, Ingo Metzmacher-en zuzendaritzapean eta Vienako Orkestra Filarmonikoarekin, Vienan, Sankt Pölten-en eta Erroman, eta baita Salzburgoko Jaialdian ere, 2015eko udan; Händelen Tamerlano, Hamburgon eta Theater an der Wien-en; Peleas eta Melisande operaren kontzertu-bertsio bat, Daniel Harding suediarraren zuzendaritzapean, Stocholmen; Mahlerren Laugarren sinfonia, Dresdeko Staatskapelle-rekin, eta Santa Zeziliako Akademia Nazionalarekin eta Myung-Whun Chung zuzendariarekin Erroman, Dresden eta Vienako Musikverein-en; Berliozen Les Nuits d'Ete, Mulhouse hirian; hala nola, Mozarten ariak, B'Rock orkestrarekin.
Bere azkeneko proiektuen artean, hauek aipa daitezke: bira bat Haydenen Kreazioa oratorioekin, Rene Jacobsen zuzendaritzapean; Contiren On Kixote opera komikoaren kontzerturako bertsio bat, Vienan, Parisen eta Kolonian, Rene Jacobsen zuzendaritzapean; Händelen Susanna, Martin Haselböck-ekin, Vienako Musikverein-en; Beethovenen Bederatzigarren sinfonia, Pablo Heras-Casadorekin, Vienako Konzerthaus-en; Mozarten Idomeneo operaren kontzerturako bertsio bat, Theater an der Wien-en; Bach-en kantatak, Orkestra Sinfoniko Alemaniarrarekin, Berlinen; bira bat Lalande-ren Leçons de Ténèbres obrarekin, Correspondances orkestrak lagunduta; eta Moztarten ariak, Gürzenich Orchestra-rekin, Kolonian.
Azken urteotako grabazioei dagokionez, hauek dira aipagarrienak: Gretry-ren arien bakarkako disko bat (Diapason Découverte sariaren irabazlea); Haydnen Il Ritorno de Tobia, Andreas Spering-ekin (Alemaniako Kritikaren saria); Mozarten Abesti guztiak (Cypres); Mozarten Ariak, Kazushi Ono-ren zuzendaritzapean, Bruselako Monetaren Errege Antzokian (Cypres); Händelen Faramondo (Charles Cros Akademiaren Sari Nagusia); Mozarten Finta Giardiniera, Rene Jacobsen gidaritzapean (Harmonia Mundi); Händelen Susanna, Les Arts Florissants orkestrarekin (Virgin Classics); Pergolesiren Septem Verba, Rene Jacobsen zuzendaritzapean (Harmonia Mundi). Doinu frantsesez osaturiko bi disko: bat Verlaineren lanetan inspiratua, Green, Cedric Tiberghien pianistarekin (Cypres); eta beste bat Francis Poulenc-en konposizioez osatua, Eugene Asti pianistak lagunduta (Harmonia Mundi); azpimarragarria da orobat Händelen Orlando (Archiv), 2014ko apirilean argitaratua.
Haren azken CDak ―Lalanderen Leçons de Ténèbres, Correspondances orkestrak lagunduta eta Sebastien Dauce-ren zuzendaritzapean, 2015eko martxoan argitaratuak (Hamonia Mundi)― prentsa espezializatuaren aho batezko gorespena jaso du.